Erreportajea

Branding

Getxo Moda

Mundu guztia ez da zure publikoa (berdin dio zenbat tematzen zaren). Beraz, ahaztu ideia hori.

Getxo Moda

Erreportajea

Branding

Zure marka ez zaintzea ez da ideia ona.
5.760. Horixe da egunean zehar jasotzen duzun publizitate-inpaktu kopurua. Eta horietatik guztietatik, ba al dakizu zure gogamenak zenbat gordetzen dituen? Bada, hamazortzi inguru. Ia sei milatik. Horregatik da hain garrantzitsua marketina. Beste era batera esanda, zure produktuaren/zerbitzuaren berri ematea bila ari den edo behar duen pertsonari (berak jakin ala ez jakin), lokarri horren bidez.
Hori kontuan izanda, honako hau da galdera: gogamenean gordetzen diren hamazortzi publizitate-inpaktu horien artean egon nahi duzu?

Irudia, nortasuna, mamia eta zure publikoarekin komunikatzeko modua. Hori guztia da marka. Hori da publikoarekin konektatzeko benetako gakoa: zeure burua ondo definitzea. Hori lortzeko, beharrezkoa da bide bat egitea, eta bide hori hasteko argi izan behar dituzu honako hiru premisa hauek:

1. Nor zara?
2. Zein da zure bezeroa?
3. Zerk lotzen zaituzte?

Nor zara?
Rafikik hala zioen Lehoi Erregean: gogoratu nor zaren. Horrek esan nahi du zure burua ezagutu behar duzula, ondo zehaztutako nortasuna izan behar duzula zure lehiarengandik bereizteko eta ezaguterraza izateko. Horrela, zure bezeroarekin benetako lotura bat sortzea lortuko duzu.
Gai izango zinateke jakiteko beste norbait ari den zure lagunik onenaren ordez WhatsApp bidez idazten? Ziur nago baietz, eta gauza bera gertatzen da markekin. Ezin dugu ikuslea nahastu egunero mezuaren atzean beste pertsona bat idazten balego bezala. Horregatik izan behar duzu koherentea egiten dituzun agerraldietan. Ez du balio egun batean oso serio ibiltzeak eta hurrengoan emotikonoz beteriko meme bat erabiltzeak. Argi izan zure markaren nortasuna eta beti izan horrekin zintzo. Modu horretan hasiko zara konfiantza hartzen eta zeure burua maitatzen.
Zein da zure bezeroa?
Mundu guztia ez da zure publikoa (berdin dio zenbat tematzen zaren). Beraz, ahaztu ideia hori.
Zure produktua/zerbitzua nahi duten pertsonengan eragina izateko, honako hau da bidea: ikertzea, aztertzea eta ezagutzea. Eta hori behin eta berriro errepikatzea argi izan arte. Horrela ikasiko duzu publikoari hitz egiten, publikoarekin konektatzen eta oharkabekoa ez izaten. Sakondu zure publikoaren iruzkinetan, adierazpidetan, eta identifikatu publiko hori zer dela eta bilatzen zaituen. Primerako bidea da ezagutzeko zeintzuk diren zure produktuan bilatzen dituzten onurak, onura horiek saltzen jakiteko.
Zerk lotzen zaituzte?

Aurkitu lotzen zaituzten giltzarria. Sakon ezagutzen duzu zure bezeroa: badakizu zer behar duen, zergatik jotzen duen zuregana eta dituen beharrei eman beharreko erantzuna. Partekatzen duzuen puntu hori da eroslearen eta markaren artean magnetismoa sortzeko gakoa.

Izan ere, ados egongo zara ez direla gauza bera zurekin zerikusirik ez duen ezezagun batekin hitz egitea eta pareko balioak, adierazpideak edota etsaiak dituen norbaitekin komunikatzea (azken horrek bereziki lotu ohi gaitu).
Baita tokiko mailan ere?

Noski, hau guztia zuretzako da. Zure negozioak eragin bisuala dauka 24 orduz urtearen 365 egunetan zehar. Izan ere, zure espazioak asko adierazten du zuri buruz, beraz, galdera honako hau da: Modu egokian adierazten du hori guztia?

Zure erakusleihoaren diseinuak, bezeroei ematen diezun poltsa motak edota kanpoko errotuluak ere mundu guztiari kontatzen diote zure marka nolakoa den. Informazio asko transmititzen duzu, baina, gehienetan, ezer gutxi esaten du zure nortasunaz eta balioez. Gertatzen zaizu horrelakorik? Zure aulkiak zeinen erosoak diren, zure logotipoaren estiloa, dendaren dekorazioa…

Agentzietan kontuan hartzen ditugu ñabardura guztiak, erosi baino lehenagoko eta erosi ondorengoko esperientziak produktua bera erosteko unea bezain pozgarriak izan daitezen. Bilgarri berezi bat, zure paketean pertsonalizatutako detaileren bat sartzea, fidelizazioa, deskontuak… Bezeroak zaintzeko makina bat aukera, beste bezero batzuei gomenda zaitzaten eta buelta daitezen. Ba al dago bezero bat zure produktuarekin/zerbitzuarekin pozik ikustea baino gauza hoberik, edo?

Hori guztia kontuan hartuta, eskatzen dizut zure lokala apaintzeko orduan, webgunea prestatzerakoan eta sare sozialetan argitaratzerakoan hori guztia gogoan izateko eta aplikatzeko. Xehetasun guztiak garrantzitsuak dira. Zurekin bat ez datorren hitzen bat esaten duzun bakoitzean, bezeroek nabaritu egiten dute eta zure markatik aldentzen dira. Publiko okerrari egindako tiro bakoitza ezertarako balio ez duten ahaleginak dira.

Bukatzeko, honako hau proposatzen dizut: oraintxe bertan, hauxe irakurtzen bukatu eta jarraian, hartu papera eta boligrafoa eta jarri martxan. Aztertu eta hausnartu zure markaren inguruan. Kostako zaizu. Inork ez du esan erraza izango zenik. Hori bai: ziurtatzen dizut ondo egiten baduzu laster ikusiko dituzula emaitzak.

Hasiko gara?

ERREPORTAJEAK

Beste erreportajeak Getxo Modan

Tokiko kontsumoa

Askotan uste dugu banaka egiten ditugun ekintzen ez dutela eragin handirik, oro har.
Kontsumo arduratsuari eta jasangarriari dagokionez, ez da horrela inondik inora ere.

 

AUTOR DEL REPORTAJE

Moda eta jasangarritasuna

Oihal berorik gabe. Modaren industria munduko industriarik kutsatzaileenetako bat da. Norbait galdetu al da zein den horren kostua? Datu pare bat ahoa irekitzeko. Galtza bakeroak egiteko 8.000 litro ur behar dira. Hori da pertsona batek 10 bat urtetan edaten duen ur kopurua.

 

AUTOR DEL REPORTAJE